XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizitzaren zamak ere izan zituen, besteek bezala; eta une batzutan, burdina sutan bezala arragotua izan zen gizaki sentibera, Hogeitamaseigarren urteko gerratea etorri zenean bezala.

Une latz hartan, beste askok bezala, Aita Donostiak ere itolarri eta sufrimen haundiak jasan behar izan zituen; ustekabean erbesteratua izan zen.

Hain bereak zituen Baztan eta Euskal Herria, euskal kulturgintza, bilaketa guztien eta musika berrien paperak, fitxak eta liburuak, lantoki maitagarria eta lan giroa, pianoa eta Lekarotzeko organoa, espirituzko senitartea eta adiskideak, gurasoak eta familia: eten gogorrean denak utzirik, presaka batean beharturik, hor doa Toulouse bidean.

Triste doa gizona: utzi behar izan dituenen kezkak bihotza desegin dio, eta, bestalde, berari babesa eta laguntza eman beharko zioketenen epai hotzak ere min ematen dio.

Lur jota iritsi omen zen erbesteko etxe berrira; etzen harritzekoa!.

Han, ordea, berehalaxe jaso ahal izan zuen bere bihotza, eta, arnas berriturik, aurreneko musika berria Jesusen Amari zuzendu zion xamurki: Zer izango nintzateke ni Zu gabe dioen kantua.

Zazpi urtetako erbeste aldi horretan ez du bizitza erosoa izango; garaiak etziren leunak: Espainiako gerra nahikoa ez bazen, hara hor berehalaxe gerra mundiala; Frantzia osoa alemaniarrek harrapatzen dute; hiriz eta etxez lau aldiz aldatu beharko du.

Baina, orain berdin zaio: otoitzari esker, bere goi giroan berriro sartu eta, bere buruarekin ahazturik, guztiz emankor biziko da: Toulousen edota Parisen, Mont de Marsanen eta Baionan, berdin saiatuko da denbora alferrik ez galtzen; edozein aldetako errefuxiatuei laguntzen; Frantziako biblioteketan Euskal Herriko folkloreari buruzko bilaketak egiten;(...).